XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakurleak liburu honetan, gaur egun euskaraz dagoen sistema eragile bakarrari buruzko informazioa aurkituko du. Liburu honen egitura, agian, arraroa gertatuko zaio irakurleari kapitulu desberdinetan dagoen orri-kopuruen desorekagatik. Baina ez bedi larritu. Kapitulu bakoitzaren luzera Windows 95ak Hasi menuan dituen aukerekin bat dator.

Beraz, lehenengo kapitulua sarrera gisara doa, hau da, Windows 95a erabiltzeko oinarrizko kontzeptuak eta Hasi menuko laguntza aukera lantzen dira, bigarrenean Hasi menuko programak aukera, hirugarrenean ezarpenak, laugarrenean Hasi menuko motzagoak diren dokumentuak, bilatu eta exekutatu aukerak batera ikusten dira.

Horrela kapitulu hauekin Hasi menuko aukerak ikusten dira.

Baina gaur egun hain hedatuak diren sareek ere, kapitulu bat merezi dutela iruditzen zaigu, irakurleak bere jakinmina ase dezan.

Liburu hau ez da derrigorrez hasieratik bukaeraraino irakurri behar, kapitulu bakoitza prozedura desberdinetan zatituta dagoelako. Horregatik, irakurleak inprimagailua sarean konpartitzen jarri nahi badu, aurreko liburu-zatia irakurri gabe nahikoa izango du bosgarren kapituluan ataza hori egiteko azaltzen den prozedura irakurtzea.

Horretarako irakurlearentzat aurkibidea tresna erabilgarri eta garrantzitsua izango da; bertan agertuko baitira liburuan zehar tratatzen diren atazak. Beraz, ez beza ahantz irakurleak aurkibidea izango dela liburuan zehar nabigatzeko modurik egokiena.

Liburu hau baliagarria izango delakoan agurtzen ditugu irakurleak. Egileak.